XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bestetik, agindu berri batek edozein eratako gutun trukatzea debekatu egin zuen, kartak infekzio bide bilakatzea eragotzi asmoz.

Hasieran, hainbat zorioneko jarri ziren harremanetan, hiriko ateetan, goardia postuko zentinelen bidez, hauek mezuak kanpoaldera pasatzeari amore eman ziotelarik.

Epidemiaren lehenengo egunetan gertatu zen hau, goardiek kupidaz jokatzea bidezkoa zela uste zutenean.

Baina, denbora aurtera joan ahala, goardiak berak egoeraren larriaz jabetu zirenean, ukatu egin ziren erantzunkizuna bere gain hartzera, ondorioak zenbaiterainokoak izan zitezkeen ezin baitzuten neurtu.

Hiriarteko telefonozko komunikazioak, hasieran baimenduak, debekatu egin zituzten hainbat egun pasa ondoren, halakoa izan bait zen izan ere kabina publikoetan eta lineatan sortutako nahaspila, eta zorrozki mugatuak ondoren larrialdietarako, hots, heriotz, jaiotz eta ezkontzetarako.

Telegramak izan ziren handik aurrera gure baliabide bakarrak.

Adimenez, bihotzez eta haragiz elkartutako izakiak, komunikazio zahar honen adierazpenak hamar hitzetako igorpen baten maiuskulatan bilatzera mugatuak izan ziren.

Eta, berez, telegrama batean erabil daitezkeen formulak laster agortzen direnez gero, azkar laburtzen ziren elkarrekin emandako bizi luzeak edo pairamen grinatsuak aldizkako formula aldaketaz, esate baterako:

Ondo nago. Zuregan pentsatzen. Laztana.

Gure arteko zenbaitzu, hala ere, idazten tematzen ziren eta etengabe, kanpoaldearekin komunikatu asmoz, pentsatzen aritzen ziren beti ameskeria hutsa bihurtzen ziren bidaltzeko moduetan.

Nahiz eta pentsatutako moduren batek emaitzarik lortzen bazuen ere, deus ez genekien, ez genuen erantzunik jasotzen eta.

Asteak eta asteak pasa, idazki bera behin eta berriz hastera behartuak egon ginen, ohar berak behin eta berriz kopiatzera, nahiz eta, denboraren poderioz, gure bihotzetatik odol mintzoaz irtendako hitzek zentzua galtzen bazuten ere.

Berriz kopiatzen genituen orduan oharkabean, esaldi hil haien arruntkeriari gure bizimodu zailaren adierazgarriak kutsatu nahirik.

Eta azkenerako, bakarrizketa antzu eta setatia, horma batekin egindako elkarrizketa idor hura baino egokiagoa iruditzen zitzaigun telegramaren bidezko mezu arrunta.

Egun batzuk pasa ondoren, bestalde, gure hiritik irtetea inork ez zuela lortuko argi eta garbi geratu zenean, epidemiarekin batera joandakoak itzultzeko baimenik izango ote zuten galdetzeko ideia bururatu zitzaien.